martes, 13 de septiembre de 2016

orrialde nagusia - página principal
www.munduabizikletazamerikan.blogspot.com

2016-07-18 / 2016-08-22 -- 1.092 km


IBILBIDEA (klikatu izenean) RUTA (clickar en el nombre)


EKUADOR, AZKEN GELTOKIA (ORAINGOZ)

Peru eta Ekuadorren arteko muga La Balsa herrixkan zeharkatu dugu eta Ekuadorren sartzearekin batera, penaz, agur esan diogu asfalto leunari.


Sarrera benetan bortitza da Ekuadorrekoa: asfaltoa bukatzearekin batera infernuko desnibela duten maldak hasi eta bizikletak bultzatu beharrean gaude, ingurunea berde distiratsuz margoturiko oihanez janzten da eta laino itxiak guztia estaltzen du. Ez dago zalantzarik, herrialdez aldatu dugu.


Horrelako bideetan ezin da autobusik ibili bertako biztanleak alde batetik bestera eramateko, hortaz, kamioiak eraldatu eta kamioi-autobus bihurtzen dituzte. Hauek bai edozein tokitatik ibil daitezke.


Ohian itxia inguruan


eta laino artean galtzen dira jarraitu beharreko bide zein erreka.


Horrelako paisaia berdeak, noski,  ur asko behar du eta egun euritsurik ez zaigu falta. Valladolid herrira mela-mela eginda iritsi gara eta eskolan eman dugu gaua. Goizean, berriz ere euritan, martxan jartzera goazela ezusteko zulatua agertu da Ainhoaren gurpilean.


Honek irteera atzeratu du baina baita opari ederra ekarri ere. Bat-batean, bidean, lau txirrindulari: Aritz eta Esti gasteiztarrak eta Sonia eta Fernado argentinarrak! Pelotoira gehitu eta seikote bihurtu gara. Euritan jo dugu seiak eguneko mendaterantz. Euria goitik behera egun osoan zehar, busti bustiak, lagunen konpainian askoz errazagoak dira horrelako egun gogorrak.



Aritzek azkar asko eskuratu du aterki inprobisatua.


Eta eguna bukatzeko, Yangana herriko eskolan, Fernandok sukaldeko gidaritza hartu du oilaskoa saltsan prestatzeko. Jatetxerik onenean ez dute horrelako gutiziarik prestatzen.


Hurrengo goizean, ateri, askoz alaiago hasi du eguna pelotoiak.


Vilcabamba herri berezian egin dugu hamaiketakoa. Diotenez, herri honetan, ohikoa baino gehiago bizi da jendea eta ospe horrek erakarrita USAko zahar asko bertaratu da bizitzera. Tontakeria horren harira gurrutxurtu eta hippy-berri koadrila zabala ere bildu da.


Ekuadorreko herrietako elizak Perukoak baino berriagoak eta koloretsuagoak dira.


Loja hirira elkarrekin iritsi da taldea. Hiriaren sarreran gaua pasa eta bakoitzak bere bidea hartu du: argentinarrak hirira doaz atseden hartzera,  Estik eta Aritzek, abentura egarri, Zamora hirira doan bidea hartu dute oihaneko bidetik sartzeko eta gu biok, maldaz malda, Cuenca hirirako bideari ekin diogu.

Loja behealdean geratzen doa lainoz estalia eta behiak larre berdeak apaintzen dituzte.


Behia baino, Ekuadorren, txerria dute gustukoago. Emakume hau bezala, sopletea eskuan, txerria oso osorik xigortzen topatu dugu bat baino gehiago.



Lojatik Cuenca hirira Panamericana errepide nagusitik goaz. Errepide ona da, hori bai, maldan gora eta behera gure hankan geroz eta gogorrago daude. Okerrena, halere, ekuadortar gidariak dira, gure gusturako azkarregi gidatzen dute.



Hirira sartu aurretik Cuencatik oso gertu dagoen Tarqui herrian gaua ematea pentsatu dugu. Ezusteko galanta hartu dugu herria jaietan jendez gainezka topatu dugunean. Plazan dantza tradizionalak


eta inguruan cuyak jateko erretzen. Perun atzean utzi genituela uste bagenuen ere Ekuadorreko inguru honetan ere oso janari ezaguna da.


Euskal Herriko jaietan bezala hemen ere ez da dantzaldirik falta. Mezarako ardo botilatik tragoxka batzuk edan, bestelako pattarrak dastatu eta ondo berotuta bagoaz dantzara!


Dantzan ibili ostean, herriko apaiz jatorrak, Angel Morochok, apaiz-etxean utzitako gelara goaz atseden hartzera.

Hurrengo egunean bazkaltzeko gonbitea luzatu digu apezak, hori bai, lehenago elizak duen lursailera joan behar izan dugu patatak jasotzera. Andeetako mendietan etengabea izan da patatarekin izandako harremana. Askotan ikusi dugu patata ereiten, jasotzen, saltzen, jaten… eta polita izan da harekin zuzenean aritzea. Hori bai, goiz batez jolasa izan daiteke, baina eguneroko lana denean… Traktoreak lurra altxatzen duen bitartean gu, atzetik, agerian geratzen doazen patatak jasotzen goaz.


Jasotakoa saskira doa,


saskitik zakura eta zakua autora.


Polita izan da gure eskuekin jasotako patatak sukaldetik pasa ostean zuzenean platerean ikustea.


Antonio ere, Ekuadorreko kapela zuri tipikoarekin, gurekin ibili da patatak jasotzen eta eskuinaldean dagoena Angel apaiza da. Bazkari oparoa eskaini digute: patata eta arto egosia, barazki zopa eta arkume saiheski erreak. Eskerrik asko.


Bazkalostean, tripa ondo beteta, gertu daukagun Cuencarako bidea egin dugu. Harrituta utzi gaitu Cuenca inguruko baserritarren bizi-mailak. Etxeak sekulakoak dira. Kontatu digutenez, atzerrian lan egiten duen milaka ekuadortarrek bidalitako diruarekin eraiki edo berritu dira etxe gehienak.  


Peruko azken hiria Jaen izan zen eta Ekuadorreko lehenengoa Cuenca. Batzuetan etxetik uste baino gertuago gaudela dirudi… CuencaJose Rosalesek bere etxean gela bat utzi digu eta primeran datorkigu atseden hartzeko. Atseden egunak, beti bezala, azken egunetako arropa garbitzeko egunak dira.


Hiriaren erdialdean dugunez gure logela aukera ederra dugu zonalde historikoa ezagutzeko. Hiri txukuna eta ederra da, hori bai, erlijioarekin oso lotua. Kolonia garaiko eraikinekin batera katedral eta elizak ez dira falta.


Merkatuan zur eta lur geratu gara emakume hauek, eserita dituzten bezeroak belar, ukendu, isurkin eta bestelakoez baliatuz, nola sendatzen dituzten eta izpiritu eta arima gaiztoak nola uxatzen dizkieten ikusita. Sinesgaitza.


Katedral berri erraldoia.


Loreen Plazan loreak salgai nahi duzun santu, santa, amabirjina, beato, aitasantu edo dena delakoari  eskaintzeko.



Cuencatik Chimborazo sumendirako norabidea hartuko dugu. Ea eguraldia lagun dugun.


SUMENDI ARTEAN QUITORA

Cuencatik irteera ez da nahi genuen bezala joan. Euria goitik behera eta lainoa inguruan iritsi ginen Aguarongo Chico herrixkara eta iritsi bezala irten gara hurrengo goizean.



Eskerrak egunak aurrera egin duen heinean ingurua argitzen joan den eta hau izan den bustita ibili garen azken eguna. Hemendik aurrera eguraldiak hobera egin du Ekuadorren.



Alausi herritik Tixan herrirako bidean topatu ditugun aldapak ahaztezin horietakoak izan dira. Hortzak estuturik joan gara maldan gora.


Hori bai, barra energetiko merke eta onak ez zaizkigu falta Ekuadorren. Egunero bospasei  janez muskuluetako potasio maila ederki mantentzen dugu.


Bananak banana, infernuko aldapa horiek igo ostean Tixan herri politean geratzea erabaki dugu. Gaurkoz nahiko.



Guamote herrirako bidean dago Jose bere trizikloko zulatua konpontzen. Konponketan lagundu dugu eta prest dago berriz ere Guamotera joan eta galeper arrautzak saltzeko.


Riobambara iritsi aurretik Panamericana errepide nagusiari agur esan eta Chimborazo sumendiari bira ematen dion errepidea hartu dugu. Chimborazo, 6.267 metrorekin, Ekuadorreko gailurrik garaiena da. Bitxikeria bezala, sumendi honen punta lurraren erditik urrunen dagoen lurrazaleko puntua da. Hortaz, itsasoaren mailatik neurtu beharrean lurraren erditik neurtuko bagenitu tontorrak, hauxe izango litzateke munduko mendirik garaiena. Neurriak neurri, laino artean ezkutatua esnatu den arren pixkanaka agertzen hasi zaigu, jostari.


Bikuinak bezala, laino artean agertzen eta desagertzen da Chimborazo.


Azkenean, jolasteari utzi eta parez pare zoragarri biluztu zaigu.


4.410 metroraino iritsi garen arren haizearen bultzadak izugarri erraztu digu igoera. Inoiz ez gara hain erraz hain altu igo. Agertu zaigun bezala, laino artean, agurtu zaigu Chimborazo. Ederra.


Horrelako egun polita bukatzeko modu ezin hobea topatu dugu Kunugyakuko termetan, bertako biztanleekin batera, bainu epelaz gozatuz. Termak jendez hustu eta hantxe eman dugu gaua bakar bakarrik kanpatuta.


Hurrengo egunean, Antigua Via Flores bidetik behera, ia egunero bezala inguruko biztanleak lanerako bidean topatu ditugu eta horrelakoetan, gaur bezala, solasean aritzeko aukera politak suertatzen zaizkigu.


Ambato hirira iritsi eta inguru hauetan aurkitu daitezkeen sumendietako beste bat ikusteko aukera izan dugu urrunean:  Tungurahua sumendia (5.023m)


Ambatotik 15 kilometrora Marcoren eta Anaren etxean pasa ditugu bi egun eta, ordainean, patata tortilla pare bat egin ditugu afaltzeko. Aski goxoak!


Ekuadorren oso zabaldua dago boleibolaren aldaera berezi bat: Ecuavoley. Boleiboleko neurri bera duen zelai batean jolasten da baina hiru pertsonako taldeetan. Sarea boleibolean baino altuago dago eta futboleko baloi batekin jolasen da. Izugarrizko afizioa dago eta apusturik ez da falta.


Ambatoko lagunak agurtu eta maldan gora ekin diogu Quilotoa aintzirarako bideari.


Aintzirara gerturatzen gabiltzala inguruko herrixketan maskarak aurkitu ditugu salgai. Festa handietan erabiltzen dituzte horrelako maskarak eta kasu honetan turistentzat salgai dituzte.


Quilotoara Toachi errekaren eta honek irekitako arroilaren ondotik iritsi gara.



Nahiz eta aurretik argazkietan ikusita genuen, espero baina ikusgarriagoa iruditu zaigu Quilotoa aintzira. Uste genuena baino askoz handiagoa da (3 kilometroko zabalera) eta kolore berdeak are eta ederragoa egiten du. Sumendi baten kraterrean sortutako pertza erraldoia. Kraterraren goialdea 3.800 metroan dago eta aintzira, berriz, 3.500 metroan.


Gaua non eman pentsatzen hasi eta azkenean, haizearengandik ihesi, kraterretik behera doan bidetik jaitsi eta aintziraren ertzean kanpatzea erabaki dugu. Jaitsi garenean jende asko bazebilen ere, arratsaldeak aurrera egin duen heinean bakar bakarrik geratu gara eta gau lasaia izan dugu. Egun luze baten ostean ederki etorri da sumendiko uretan bainua.


Hurrengo goizean egun ona eman digu Quilotoak.


Aintzira agurtu eta maldan behera ziztu bizian hasi dugu eguna, herriz herri, inguruko paisaiaz gozatuz. Maldan behera goazenean politagoa ikusten da dena…


Iliniza sumendia gertu dugun arren ez da erraza laino artean ikustea.


Sigchos herria pasa eta kilometro gutxira berriz ere zerura begira jarri da errepidea. Aldapa luzea ez da bukatzen eta biharko utziko dugu mendatearen gailurra. Gaua pasatzeko toki bila hasi eta Rosak bere etxeko patioan tokia egin digu. Bideko gure azken familia izango da eta ez zaigu erraz ahaztuko. Hasierako mesfidantzak sortu dien hesia apurtu orduko sekulako momentu politak eskaini dizkiogu elkarri. Solasean, kontu kontari… Ekuadorreko mendialdeko familia askorentzat bezala behiak eta hauen esnea da familia honen diru-iturri nagusia. Egunean bitan jezten dituzte.


Elkarrekin afaldu eta gosaldu dugu eta, agurtzerako orduan, sortu den kariñoa agerikoa da. Eskerrik asko.


Landa berdez inguraturik iritsi gara Toacazo herrira eta hantxe beste emakume jator batekin elkartu gara. Bideko ustekabe politak.



Ekuadorreko suhiltzaileak ezagunak dira bidaiarion artean beraien eskuzabaltasunagatik. Lasso herrian jo dugu beraiengana lehen aldiz herrialde honetan eta ez digute aterik itxi. Hantxe eman dugu gaua.


Cotopaxi sumendia gertu dugun arren laino artean ezkutatuta eman du eguna. Hori bai, ilunabarrean, eguzkia joaten hasi denean, eder askoa agertu da hurrengo egunetan etorriko dena aurreratuz.


Gure asmoa Cotopaxi Parke Nazionala zeharkatuz Quitora iristea da eta Lasso herritik oso gertu hartu dugu parkera doan bidea. Hasieran, bidegorri txukunarekin, bikaina da goranzko bidea .


Hori bai, aurrerago asfaltozko bide leuna bat-batean harrizko bide bihurtzen da.


Parkeko Rinconada kanpalekuan jarri dugu gure oinarrizko kanpalekua eta hantxe emango ditugu bi gau Cotopaxi sumendia ikusteko asmoarekin. Lainoak direla eta ez da erraza, pazientzia  beharko dugu. Hurrengo goizean eguna lainopean hasi dugu baina zorteko gaude. AlejandroJeni eta Nicolas txikiak gaua kanpalekuan eman eta goizean sumendiaren magalean dagoen aterpera joateko asmoa dute. Autoan tokia egin eta bidean gora jo dugu bostok. Aparkalekuan autoa utzi eta ordubeteko oinezko ibilbidea eginda iritsi gara Jose Rivas aterpe dotorera.


Aterpetik oso gertu ikus daitezke sumenditik behera datozen izotzezko isuriak.


Lortu dugu, kostata baina bostak iritsi gara aterpera!


Bigarren gaua pasa eta goizean, eguna berriz ere lainopean esnatu den arren, bizikletaz hasi eta handik gutxira Cotopaxi esnatzen hasi da lainozko izaren artean. Poliki, kostata, baina azkenean garbi agertu da gu agurtzera. Cotopaxi sumendia (5.897m), Ilargiaren Lepoa.



Baina agurrak ez dira inoiz errazak izaten eta parke nazionaletik atera eta berehala bidea harrizko galtzada batean bihurtu zaigu. Maldan behera ondo irabiatuak goazen arren pozik gaude harrizko aldapa hau igo behar ez dugulako.



ETA QUITON, KITO

Horrelaxe, Cotopaxiren begiradapean eta barruan korapilo estu batekin eman ditugu bidaia honetako azken pedalkadak. Quito ondoko Tumbaco herrixkan dagoen Casa Ciclista izan da gure azken geltokia. Hantxe, korapiloak askatzeko gailurik onenak zain geneuzkan: lagunak. Bidaia honi kolore berezi bat zerbaitek eman badio horiek lagunak izan dira. Euskal Herritik etorri direnak, bidean egin ditugunak, bideak elkartu gaituenak… eta horrelaxe izan behar zuen gure bizikleta gaineko azken egunak. Lagunekin eta parrandan. Greziako, Brasilgo, Estatu batuetako, Argentinako eta Euskal Herriko lagunak. BIBA ZUEK!!!



AZKEN EGUNAK

Quito ondoko Tumbaco herrian dago Santiago eta bere familiaren “Casa Ciclista”. Hantxe geratu dira gure bizikletak eta autobusez Ekuadorreko kostaldera jo dugu, Puerto Lopez herrira. Han, Pazifiko ozeanoaren ondoan, eman ditugu gure azken egunak. 





Atsedena hartzeaz eta bueltarako gure buruak prestatzeaz gain bagenuen bertara joateko pisuzko beste arrazoi bat. Pisu handiko arrazoia, tona askotako arrazoia: baleak. Bale Konkordunak Antartidatik Ekuadorreko kostaldera datoz garai honetan eta zinez ederra izan da eskaini diguten ikuskizuna. Merezi izan du Quitotik honaino gerturatzea.



Ezarian, konturatu orduko urtebete pasa da Buenos Airesetik atera ginenetik eta iritsi zaigu etxera bueltatzeko ordua. Gezurra dirudi. Zaila da bizitako guztia ondo barneratu, murtxikatu eta digestioa egitea. Plater asko dastatu ditugu, elikagai ugari. Denbora beharko dugu. Idazten dugun hurrengo aldia, bidaia honetako azkena, etxetik izango da. Eskerrik asko guztioi, baita zeuri ere, irakurle.


orrialde nagusia - página principal